Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.
Urgoiti pasealekua, 55, 2.a · 48480 Arrigorriaga
Tel.: 94 400 20 60
Web gunea: www.arrigorriagakoeuskaltegia.eus

   Urtero bezala, ikasturteari agur esateko, euskaltegiko ikasle eta irakasle guztiok afaria antolatu dugu ekainaren 12rako Mendikosolo tabernan. Afaltzera hurbildu baino lehen, herriko kaleetan  euskal poteoa egingo dugu musikarekin.

 

Aurtengo ikasturtean burututako ekintzen artean, besteak beste, “kantuka” ibili garenez, poteoa egiteaz gain, klasean ikasitako kantak interpretatuko ditugu, musikak lagunduta, noski. Gainera, kantak-liburuxka ere prestatu dugu herritarrak euskal-musikan murgiltzeko gurekin batera.

 

Beraz, plan ezin hobea kurtsoa umore onean, eta lagun eta euskaldunen artean amaitzeko.  

 

 

  Maiatzaren 26an, Kike Amonarrizek aurkezten duen  Tribuaren berbak saioan Arrigorriagako berbalagunak elkarrizketatu zituzten.

Maiatzaren 13an grabatu ziren elkarrizketak Arrigorriagako plazan. Berbalagun guztiak garaiz heldu ziren ETBrekin zuten hitzordura. Batzuk urduri, beste batzuk lasai edo; zenbaitek pentsatuta zekarren zer erantzun behar zion Kikeri, baten batek azken mementoan ebatsi zuen…

Hasierako urduritasuna gaindituta, han ibili ziren gure Edu, Eguzkiñe, Esther, Marije eta Rosa Kikerekin berba eta berba, isildu barik.

Argazkietan eta bideoan ikusi ahal duzuen moduan, primeran pasatu zuten arratsaldea gure artistek Tribuaren berbak saioko teknikariekin!.

 Bideoa ikusi nahi baduzue, egin klik hemen:

http://www.eitb.eus/eu/telebista/programak/tribuaren-berbak/bideoak/osoa/3241488/bideoa-arrigorria

UDAL EUSKALTEGIAK IRAKASLEEN LAN-POLTSARAKO EPEA IREKI DU

 

Arrigorriagako Udal Euskaltegiak eskabideak aurkezteko epea zabaldu du gaur, euskaltegiko irakasleen lan-poltsa berria sortzeko egingo duen lehiaketan parte hartzeko. Epea zabalik egongo da otsailaren 3ra arte.

Informazioa:

 

http://www.arrigorriagakoeuskaltegia.org/euskera/index.htm

 

Abenduaren 4an, iaz hasitako ohiturari jarraituz, Berbagunea antolatu genuen euskaltegian. Maila eta talde guztietako ikasleak mahai baten inguruan elkartu ondoren, hainbat gairen inguruan aritu ziren hitz eta pitz. Era honetan ikasleek elkar ezagutu eta euskaltegian dabiltzan beste lagun batzuekin izan dezakete harremana.

Ekintza hauen helburua, dudarik gabe, euskararen erabilera bultzatzea eta euskara gelatik ateratzea da . Beldur barik esan dezakegu aurten ere Udal Euskaltegikoek lortu dugula. Giro ederrean. Bai horixe!

 

 

Abenduaren 3an eta 4an euskararen eguna ospatu dugu udal euskaltegikoek.

Horretarako, abenduaren 3an, Mikel Bringasek Senegal eta Gambian egindako bidaiaren berri eman zigun udaletxeko aretoan.

Mikel, emaztea eta seme-alabak bizikletaz ibili dira hainbat herrialdetatik, eta ,2014ko urtarrilean, Senegal eta Gambia zeharkatu dituzte. Hasteko, familiako guztien artean egindako bideo bat jarri zigun; horren ostean ikasleek egindako galderei erantzun zien, eta amaitzeko, entzundakoaren nondik norakoak ondoen ulertu zituen ikasleari bidaia liburu bat opari egin zion jolas bat egin ondoren.

ARRIGORIAGAKO UDAL EUSKALTEGIAK EUSKAL MUSIKAN SAKONTZEN DU

 

Hilero abesti bat aukeratuko da irakasleak eta ikasleak elkartzen dituen ohiko ekimenean

 

Arrigorriagako Udal Euskaltegiak urtero antolatzen du ikasturte osorako ekintza bateratua. Ekintza horren helburua ikasle eta irakasle guztiok gai baten inguruan aritzea, hausnarketa egitea eta azken finean gai horretan sakontzea izaten da.

 

Aurreko urteetan jolasak, errezetak , Euskal emakumeek arlo ezberdinetan izan duten proiekzioa , gida turistikoak… landu ditugu. Gaiok talde guztien partehartzea eskatzen dute; orain arte talde bakoitzak jolas, errezeta, emakume edo leku turistiko bat aukeratu eta informazioa prestatu du beste guztiei horren berri emateko.

 

Emakume euskaldunen gaia landu genuenean, adibidez, gela bakoitzean emakume bat aukeratu eta biografia prestatu genuen biografia guztiekin erakusketa antolatzeko  euskaltegian. Edo errezetak landu genituenean,  bozketa egin eta ikasturte amaieran irabazle atera ziren errezeta biak dastatzeko aukera izan genuen.

 

Aurten, gure Euskal kantak edo abestiak lantzea dugu helburu eta lehen pausuak ematen hasi gara. Esan beharrik ez dago kantak Euskal Herriaren tradizioan zelango garrantzia izan duen. Askotan gure izaera, gure pentsaera, gure bizitzeko edo pentsatzeko era  ezin hobeto islatzen dira abestietan. Hori dela eta, denon artean Euskal kantarik esanguratsuenak aukeratu eta ikasiko ditugu.

 

Hilean abesti bat landuko dugu. Hasteko euskal kanta mitikoak izango ditugu bidelagun. Urrian, adibidez, “Lau teilatu” izan da aukeratua . Azaroan “Izarren hautsa”. Abenduan…