Martxoaren 29an larunbat pasa izango dute Arrigorriagako Udal Euskaltegikoek. Ikasturteko txango honek Gipuzkoa aldera eroango du taldea aurten. Lehenengo, goizean, Zestoako  Ekain haitzuloaren errepikara arrimatuko dira eta arratsaldean, Urrestillan gosea arindu ondoren, Azpeitiako Trenaren Euskal Museoari egingo diote bisita.

Batetik, bada, Ekain kobazuloetako Ekainberri errepika horrek, Goi Paleolitoko artista haiek sentitu ziren bezala sentitzeko eta barrunbearen txoko eta sekretu guztiak aurkitzeko aukera emango die, hango gidariak margoak interpretatzeko gakoak eskaini eta labar-artearen jatorriei buruzko teoriak azaltzen dizkien bitartean.

Bestetik, Azpeitiako Trenaren Euskal Museoak Europako tren-bildumarik onenetakoa du, lurrun-lokomotorak, tranbiak, trolebusak, auto-motorrak eta era guztietako bagoiak daudela. Trenbidearen historian murgilduko diren honetan, geltokiko transformazio elektrikoko zentral zaharreko instalazio harrigarriak, orain dela 100 urte zegoen teknologia modernoenaren isla direnak, trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa eta munduko trenbideko erlojuen bilduma onenetakoa ikusiko dute.

Txangoak, bada, aukera emango die euskara gelan barik, benetako komunikazio egoeretan erabiltzeko, ikasle-irakasleen arteko harremanak sendotzeko, baita Euskal Herriko beste txoko batzuk ezagutzeko ere … eta hori guztia ohiko giro ezin hobean.

Egun-pasa entretenigarria gura duzuela? Gonbidatuta zaudete! Zatozte Euskaltegira eta izena ematea baino ez duzue.